Skip to content

Uholdeak

Lur eremuak urez estaltzen direnean uholdeak sortzen dira. Normalean euriaren ondorioz uholdeak sortzen dira, baina, elurra urtzen denean edo urtegi bat haustean ere sor daitezke.

Elizondon uholde inportanteak 1913ko ekainaren 2an izan ziren. Elizondoko auzo gehienak suntsitu zituen. Urak kotxeak eraman eta etxe batzuk hondatu zituen. Uholdeak Erratzu eta Elizondo suntsitu zituen eta 2 pertsona hil ziren.

Uholdeak

Errekak 6 metroko goraldia izan zuen eta bi auzo  harrapatu zituen osorik. Uholdea Auza mendian hasi zen. Garai horretako testigantzek erraten dutenez, hodei handi beltz batek Auza mendiaren kontra jo zuen eta hodeia lehertu zen. Horrela, ur-maila izugarri goratu zen. 

Ur-maila goratu zenean, Erratzu osorik suntsitu zuen. Erratzun ur-mailaren igoeraren ondorioz, urak bere aitzinean zuen guztia eraman zuen:  eliza,  etxeak, bordak, zubiak, bideak, aziendak, arbolak, harriak, altzariak… Elbete ere gogor hartu zuen. 

Elizondon Jaime Urrutia eta Braulio Iriarte karrikak urez bete zituen. 6,5 metroko goraldia izan zuen errekak eta etxeetako balkoietara ailegatu zen ura. 

Uholdeen ondorioz, karrika guztiak ur azpian gelditu ziren. Hodeiak desagertu zirenean, ur guztia jaitsi zen eta kalte guztiak ikusi ziren. Elizaren aitzineko etxe guztiak suntsituak gelditu ziren. Elizondoko elizako pareta guztiak gastatuak zeuden. Lehen Jaime Urrutia kalean zegoen eliza, Seroraenea palazetearen ondoan; orain, berriz, Erdi Aroan baratzeak zeuden lekuan dago eliza, Santiago kalean.

 2013an berriz bertze uholde bat izan zen, zehazki ekainaren 2an. 100 litro metro karratuko erregistratu ziren. Ez zen hildakorik izan.

Auzolana

Herriko jende guztia edo herritar gehienak elkartzen dira eta herrian garbiketa lanak eta moldatzeak egiten dituzte.  Auzolanera agertzen diren pertsonek borondatez egiten dute lan zenbait lekutan,  baina beste zenbait lekutan (Baztanen, adibidez) 18 urtetatik 55 urte bitarteko pertsonak daude joatera derrigortuak. Kasu hauetan ez bazara joaten ordaindu behar duzu, edo bestela etxeko bat joan behar da zure partez. 

Herritarrek beraien artean antolatzen dute normalki, herriko tokietan edo auzoetako edo baserri inguruetako guneetan aritzen dira. Urtero errepikatzen da herrian mantentzeak egin beharrekoak baitira. Bestak antolatzeko egin ohi da, baita besten ondoren ere gauzak biltzeko.

Errotak

Etxaideko Errota

Etxaideko errota Elizondotik Beartzun aldera abiatuta kilometro batera dago. XIX. mendekoa da. Lehen bezala artoa xehatzen da, eta ondotik, taloak egiten dira.

Eraikin honek urte parrasta bat izan arren, arras ongi kontserbatua dago. Berritu izan da eta horregatik dago hain ongi.

Etxaideko errota

Muniartea Zubiko Errota

Braulio Iriarte kalean, 31-33. zenbakietan, aitzinako errota dago Jaime Urrutiak egina. XIX. mendeko lehenbiziko laurdenaren amaieran zentral elektriko bihurtu zuten. Gaur egun Autxitxia gasnategia da.

Energia

XIX. mendean ailegatu zen energia Baztanera. Errotek dinamo (korronte zuzena sortzen duen makina elektrikoa) eta alternadoreak izaten zituzten ura energia bihurtzeko. Elizondoko Muniartea zubiko errota energia-zentral bihurtuz argi publikoa lortu zuten. 1912an Maringo zentrala sortu zuten; 8 urte geroago, 1920an, Mugairikoa sortu zuten. Gipuzkoako industriako enpresak gero eta gehiago ari ziren Baztango errekak eta lurrak aprobetxatzen.

Labaderoak

Herritarrek eginiko eraikinak dira, arropak garbitzeko sortuak. Labaderoen kanpoko aldean edo inguruan, aziendentzat egindako askak izaten ziren. Herri bakoitzean gutxienez bat izaten zen. Paularena auzoan badago lixutegi bat, Paularenako labaderoa.

Txokotoko Labaderoa

Erreka bazterrean zegoen labaderoa. Hasiera batean eskuz garbitzen zituzten han arropak, errekako harrietan. Bertan jendea elkartzen zen solasean aritzeko. Erlazionatzeko modu bat ere zen.