Skip to content

Emakumeak

Emakumeak

Emakumearen papera historian zehar garrantzitsua izan da. Hala ere, isilean aunitzetan ez baita inon islatu eta ez baita baloratu. Guk emakumeei merezi duten errekonozimendua eman nahi diegu, egindako lana agerian utziz. Hasteko, oso deigarria egin zaigu Elizondoko kale-izendegian emakume baten izena bakarrik agertzea: Maria de Azpilkueta. Bailaran emakume gehiago egon ez balira bezala… Egindako lanagatik, bokazioagatik, nortasunagatik… beraien izena agertzea merezi zuten.

Maria Azpilkueta

Nor izan zen Maria Azpilkueta?

San Frantzisko Xabierkoaren ama izan zen. 1467an jaio zen Xabierreko gazteluan. Hala ere, herri tradizioaren arabera, Azpilkuetako Dorreberrian jaio zela aipatzen da. 1483an Jatsuko Juanekin ezkondu zen eta bortz seme alaba izan zituzten: Magdalena, Ana, Miguel, Juan eta Francisco. 

1512an Jatsuko Juanek bere errege Joan Albretekoari jarraitu zion eta armak hartu zituzten Nafarroaren defentsan. Gauzak okerrera zihoazen, 1515ean Jatsuko Juan hil zen. Maria alargun gelditu zen. 

Maria de Azpilkueta emakume ausarta izan zen. Gizon-mundu batean berea defendatzen jakin izan zuen. Bere familiaren eta etxearen zutabea izan zen. 1529an hil zen. Elizondo herrian bere oroimenez kale bati bere izena jarri zioten.

Maria Dominguez Remon

1882. urtean jaio zen Pozuelo de Aragon herrian. Kazetari eta politikari errepublikanoa, sozialista eta feminista izan zen. Espainiako Bigarren Errepublikako lehen alkate emakumea izan zen, Zaragozako Gallur herrian 1932an. Guztien hezkuntza defendatzen zuen, batez ere emakumeena. 1933an alkatetza utzi ondoren, irakaskuntzan eta kazetaritzan aritu zen.1917an lagun irakasle batek, Pedro Rubio, lan eskaintza egin zion eta Almandozko Mendiolako Elizaldea baserrian eskola ematera etorri zen. 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpetik egun gutxira atxilotu zuten, eta tropa frankistek Fuendejalongo hilerriko hormetan fusilatu zuten 54 urte zituela.  Urteetan zehar bere historia ahaztua izan zen 90eko hamarkadaren erdialdean berreskuratu zen arte.

Graciana Yrigoyen Dualde

Bere senarrari, Victorio Mena, argazkilari ospetsua, modu anonimo batean laguntzen zion. 3 seme-alaba izan zituzten: Felix, Manuel eta Maria Pilar. Victorio hil zenean, arras gazte, 41 urte zituela,  Graciana argazki estudioaz arduratu zen 1955era arte.

Bartzelonara  joan zen prestakuntza osatzera eta bere seme Felix Gasteizera bidali zuen argazkigintza ikastera. Berak ere ofizioa erakutsi zion. Argazkiak atera zituen eta inguruko postalak ere editatu zituen. Bere argazkien titulartasuna bere semeari eman zion. Modu horretan aitzinera atera zuen Gracianak bere familia.

Bere bilobak, Itziar Mena, erran digu egindako argazkiak arras ongi artxibatu zituela Gracianak, material guztia arras ongi antolatua utzi zuela. Jenio handiko emakumea izan zela ere kontatu digu. Pentsatzen zuena errateko ez zuela problemarik izaten erran digu. Norbaitek argazkiak ateratzerakoan “sácame el lado bueno” eskatzen zionean, “no puede ser porque no tiene usted lado bueno” inolako eragozpenik gabe esaten omen zuen. Gaur egun, bere bilobek negozioarekin segitzen dute, alargun gelditu eta gero erositako Peretxonea etxean. 

Hezkuntzan ere  emakumeek izan dute paper garrantzitsua. Hauek dira adibide batzuk:

Pilare Alaba Loyarte

1913ko azaroaren 14an jaio zen Iruñean, baina Goizuetako Lubienea etxean hazi zen. Iruñean eta Donostian ikasi zuen.  Gerra garaian Eusko Jaurlaritzarentzat lan egin zuen eta Mundakako ikastolan irakasle gisa aritu zen. Ondoren, Frantziara ihes egin zuen eta gerra ondotik itzuli eta moja aritu zen. Ikasketak euskaraz emateko aukera izan zenean berriz, moja izateari utzi eta 10 urtez Bizkaiko hainbat ikastolatan irakasle aritu zen.Iturengo eskolan andereño izan zen eta ondoren Elizondoko ikastolan lan egin zuen.“Emakume Abertzale Batzako” kide ere izan zen.2015eko  urtarrilaren 30ean, 101 urte zituela, hil zen Goizuetan.

Bittori Etxeberria (Elizondo, 1908-1997)

‘Pepita Etxano’ ezizenez ezagutzen zuten. Alava Sareko kide izan zen. Bittori emakume ausarta eta izaera handikoa zen, feminismo euskaldunetik aurreratua, adoretsua eta alaia. Espioitza antifrankistan eta iheslariei muga pasatzen laguntzen zien pertsona garrantzitsua izan zen. Bere lanik inportanteena zen militarren aldeko garrantzizko informazioa jasotzea; adibidez, armada frankistaren dibisioak nola antolatzen ziren, edo Condor Legioari buruzko xehetasunak.

Baztandar abertzalea izan zen, EAJko militantea eta Baztango Emakume Abertzale Batza (EAB) taldeko presidentea 1932tik. Bertze hainbatekin Baztango lehendabiziko ikastola sortu eta abertzaletasunaren bultzatzailea ere izan zen.Francoren kontrako euskal erresistentziaren Informazio-Zerbitzuan sartu zen 1937an eta haren lanari esker, bizitza asko salbatu ziren. 1940. urtean atxilotu zuten eta espetxean izan zuten 1947ra arte.

Mari Carmen Goñi

Lekaroztarra zen eta Elizondon bizi izan zen. Baztan ikastolako lehendabiziko andereñoa izan zen. Modu prekarioan baina ilusio handiz sortutako ikasgela batean hasi zen lanean, garai hartan Baztango Erruki Etxea deiturikoan. Mari Carmenek Lezon (Gipuzkoa) egiten zuen lan eta 1970eko urriaren 10ean Baztango ikastolan hasi zen lanean. Soldata Lezoko ikastolakoa  baino baxuagoa zen. Elizondoko ikastolan zegoen giro familiarra eta herriarekiko eta jendearekiko hurbiltasuna izan ziren bere argudioak hona etortzeko nahiz eta soldata baxuagoa izan.

Perpetua Saragueta

1905eko abuztuaren 3an Erroibarrreko Mezkiritz herrian jaio zen euskal idazle hau. Perpetua emakume aitzindaria izan izan, haren garaian gutxi zirelako Nafarroan idazten zutenak, eta are gutxiago euskaraz aritzen zirenak. Bere ama arizkundarra zen, Bozatekoa. Gaztetan aunitzetan etortzen zen eta bizitzen gelditu zen. Hemen Trinidad Urtasun bertsolari iruritarra ezagutu eta ezkondu ziren.

Lanbideak eta emakumeak

“Mondongerak”

Aspaldiko ohitura da. Eguberrietako ospakizunen ondotik, baserri gehienetan zerria hiltzen zen. Emakumeendako lan eguna zen. Gizonek ze­rria hiltzen zuten eta lan hau azpimarratu izan da beti, baina ia inork ez zuen eskertzen emakumeek egun osoan egiten zuten lana. Mondongera lanbide garrantzitsuenetako bat izan zen bere garaian, emakumeen lana. Zerri-hiltzean zerri-puskak prestatzen zituzten: odolkiak, lukainkak, txistorrak… egiten zituzten. Belaunaldiz belaunaldi ikasitako errezetak erabiltzen zituzten. Emakumeak ziren zerri-hiltzea zuzentzen zutenak.

Emaginak

Gure herri guztietan horrelako emakumeak genituen, miresmena sortzen zuten eta gutxitan hitz egin da beraiei buruz. Etxean sortzen ziren haur guztiak denbora haietan. Medikurik ez zelarik, emakume batzuk bertze emakume batzuei haurra erditzen laguntzera joaten ziren. Hauek emaginak ziren.

Serorak

Parrokietan hileta-zeremonietan parte hartzen zuten batez ere: hildakoen gorputzak prestatzen zituzten, hiletara laguntzen zituzten emakumeak, hilobien argiak zaintzen zituzten, etab. Ezkontzetan ere parte hartzen zuten, emaztegaiari prestatzen laguntzen zioten: Bataiatutako haurren amabitxiarena ere egiten zuten. Leku batzuetan, arimei otoitz egiten zieten. Askotan kanpaiak eta haien funtzioak eta errituak ere bere gain hartzen zituzten (batzarretarako deiak, abemariak, dolu-kanpaiak jotzea, etab.)Serorategietan bizi ziren. Elizetako arkupeen gainean eraikitako etxeak ziren, egurrezkoak edo harrizkoak izan ahal ziren. Baztanen oraindik ikusi ahal dira. Ondoren aipatuko ditugunak dira herri batzuetan izan diren serorak. Elbetekoa 1626an, Joana Azpilikueta izan zen. Berroetako serorategia egurrezko egituradun etxe txikia da; bertan 1626an Maria Hormaetxe bizi zen. Amaiurren Joana Salanova da aipatzen duten lehen serora, 1626an. Arizkunen 1626an Estebenia Oharritzena aipatzen da bertako serora gisa.

Labaderoak

Baztan-Bidasoako herri guztietan garbitegi bat zegoen. Herri batzuetan mantentzen dira oraindik berritu direlako. Ez zen leku bat arropa garbitzeko bakarrik, arropa garbitzeko leku bat baino gehiago izan dira. Emakumeak biltzen ziren hitz egiteko eta elkarrekin egoteko. Beraz, arropa garbitzeko gunea izateaz gain, sozializatzeko lekua zen.

Emakumeak politikan

Historian zehar emakumeek politikan bere lekua izan dute. Bailarak emakumezko alkate eta parlamentariak izan ditu. Gaur egun, ohikoagoa da emakumezko zinegotzi, parlamentari edo alkate izatea.

Ana Mari Marin

1967an udal hauteskundeetara aurkeztu zen lehen aldiz, eta Baztango Udaleko zinegotzi izan zen 1967 eta 1974 artean. Ondoren, Elizondoko lehendabiziko emakume  zinpeko alkate izan zen 1975etik 1977ra.

Virginia Aleman

2007ko udal hauteskundeetan, Baztango alkate atera zen, lehendabiziko emakumea.

Garbiñe Elizegi

2011tik 2015era Baztango alkate izan zen, bigarren emakumea.

Begoña Sanzberro

Politikaria da eta 2007-2011 bitartean Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria izan zen.

Isabel Olave

Baztango Udaleko zinegotzia izan zen 2011tik 2015era bertze karguen artean.

Ana Elizalde

Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendariordea izan zen 2003ra arte. Hezkuntza, Gazteria eta Kirol zuzendaria izan zen Iruñeko Udalean 2007ra arte eta Iruñeko Udaleko zinegotzia 2007-2011 eta 2019-2023 bitarteko legegintzaldien artean.

Baztango bertze herri batzuetan ere emakumeek Alkate jurado kargua izan dute:

Ziga: Idoia Arrieta. Aniz: Ainhoa Maritorena Azkarate, Kristina Fernandez Perez. Elizondo: Alazne Sansiñena Lertxundi. Oronoz: Ruth Peña Tena, Juana Hualde. Berroeta: Ana Garchitorena, Arantxa Zelaia. Lekaroz: Miren Meoki. Amaiur: Ixabel Aleman Irungarai. Almandoz: Begoña Sanzberro Iturriria, Beatriz Etxeberria Valcarlos. Azpilkueta: Ana Irungarai Jubera. Irurita: Oihane Prim, Maribel San Jose (6 aldiz).Erratzu, Arraioz, Arizkun, Elbetea eta Gartzain herrietan ez da inoiz emakumezko alkaterik egon.

Gaur egun, badaude aski emakume interesgarri Baztanen: medikuak direnak, enpresariak, enpresa bateko buru direnak edo bertzelakoak…

Emakume artistak: idazleak, margolariak, musikariak, argazkilariak…

Izaskun Igoa

Zigan jaio zen 1995. urtean. Idazlea eta zutabegilea da. Txikitatik gustatu zaio idaztea. Nerabezaroaz geroztik poesiara hurbildu zen gehiago eta Hotza bazkatzen, berelehen poesia liburua, argitaratu zuen 2022an (DK V. Poesia Saria). Ikasketei dagokionez, Pedagogia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Sexologiako masterra egin zuen Incisex-en. Egun, Xirimiri hezkuntza proiektuan dabil lanean.

Begoña Durruty

Irakasle ohia, idazlea eta ilustratzaile arizkundarra da. Liburuak argitaratu ditu: “Amaiur”, “Aita oker dago”, “Sekretuen lapurrak” batzuen artean. Liburuez gain, bertze lan batzuk ere egiten ditu; adibidez, Baztandarren Biltzarrerako edo martxoaren 8rako kartelak. Erakusketa kolektiboetan ere parte hartu du.

Esther Sanzberro Iturriria

Amaia Elizagoien

Olaia Inciarte

Abeslaria da. 1999an jaio zen eta Oronozkoa da. Musikaren munduan bere lekua egiten ari da. 2022ko Durangoko Azokan aurkeztu zuen bere lehendabiziko lana.

Rosa Maria Sanchez

1980an hasi zen Elizondoko Errekreo bandan zeharkako flauta jotzen. 2006tik aitzinera zuzendaria izan zen, 16 urtez. 2021eko uztailaren 28an bere azkeneko kontzertua zuzendu zuen. Zuzendari izateari utzi zionean, zeharkako flauta jotzen hasi zen berriz. Isabel Lacarrek 2002an hartu zuen Elizondoko La Coral abesbatzaren zuzendaritza. Abesbatza gehiagotan egon zen zuzendari, Lesakan adibidez. Bere hitzetan “zuzendari izatea lan handia da, hagitz polita eta izugarri gustatzen zaidana”.  Kantu klaseak emateaz gain, KEA Ahots taldean abesten du Lacarrek, baita Musikeneko koru pilotuan ere.

Diana Iniesta

Sabadellen jaiotako margolaria da. Duela hamabi urte dena utzi zuen eta Erratzura etorri zen bizitzera. Aldaketa bat behar zuen bere bizitzan. Pintura ikastaro batean parte hartu zuen Erratzun eta urte batzuk geroago geratzeko etorri zen. Diana oso emakume urduri eta emozionala da, pasio handikoa. Turismoa ikasi zuen. Psikologoa ere bada. Hainbat hizkuntza dakizki: katalana, ingelesa, frantsesa, alemana, gaztelania… eta laster euskara, seguru.

BIBLIOGRAFIA: